|
Larreinetako funikularra
Funikularra 1926ko irailaren 24an inauguratu zen. Meatzalde menditsua bailararekin komunikatu behar zelako eraiki zen. Mendearen hasieratik 8 kilometroko errepide bat zegoen, alde biok lotu baina gizakiek eta merkantziek igotzeko ordu eta erdi behar zutena.
Funikularra LA ESCONTRILLAn (Trapagaran) hasten da igotzen eta Larreineta auzoan bukatu. 1.198 metroko distantzia ibiltzen du, bidegurutzearen 100 metroak barnean sartuta.
Lurralde Historikoen Legea onetsi zenetik 1994ko ekitaldira arte Funikularra Eusko Jaurlaritzaren Garraioko Zuzendaritzak ustiatu zuen. Izan ere, urte hartan bereganatu zuen haren kudeaketa Euskotren-ek. Jarduera berri hau zela eta, Euskotren-en ahalbideak gehitu ziren.
Bazkunak harrezkero hainbat hobekuntza-obra egin ditu zonako biztanleentzako bere garraio-izaera eta leku horretara aisiaren eta astialdiaren zioz joaten den jendearentzako bere zerbitzutasuna (asteburuko edo oporraldietako jendearentzakoa) pizteko.
Funikularra Enkarterrietako antzinako meatzaldearen erdi-erdian kokatuta dago eta bertan lehengo jardueraren arrasto handiak daude. Erabiltzaileei hurbiltzen die Luis Kastresana idazleak Bizkaiko benetako Balkoia bezala deskribatutakora, Larreinetakora alegia.
Larreineta gainetik Bilbo hiriaren, bertako itsasadarraren eta itsasoaren gaineko bista paregabeak ikus daitezke. Era berean, meategi zahar eta ahaztuak ikus daitezke, sakabanatuta dauden baserri txikiak, Trapagaran osoa. Bertan aurkituko ditugun elementu guztiek, herriaren aurretik dagoen aintziraz jositako paisaia kaotikotik haren eraikuntza-elementuetarainokoek, denboran atzera egitea ahalbidetuko digute, XX. mendearen atalasera arte, meategia bizibidea eta helburua zen garai eta leku batera.
Larreinetan utziko gaitu Funikularrak. Bertan Zugaztietaranzko bidea hartuko dugu. Berorren ondoan El Negro eta Ostion aintzirak aurkituko ditugu. Herriraino jarraituko dugu, non garai ezberdinetako etxebizitzak, egurrezko eta adreiluzko lehenengo etxebizitzak, meatzariek lortutako gizarte hobekuntza progresiboen lekuko diren.
Bertako kaleetatik ibiliz, aurki dezakegu ospitale zaharra ere, hau da, antzinako kaserna-etxea. Bertatik hainbat eta hainbat langile-matxinada baretu ziren. Kale horietatik ikus daitezke San Fernando asiloa (egun aterpetxea), mitin-plaza eta bertako kioskoa... Zugaztieta auzoko ohiko jatetxeetan zaporea atera ahal zaie gure gastronomiako plater onenei. Berorien artean indabak nabarmentzen dira.
Zugaztieta aldea hauspoa da Ibaizabalen Ezkerraldean bizi den jendearentzat. Natur aisialdiko lekua da, mendizaleak ezinbestean joaten direna. Bertako landetatik abiatzen dira bideak hurbileko mendietan zehar. Egun, Zugaztieta inguruetan honako jarduerok egin daitezke: Lakuen artean ibiltzea, mendian oinez ibiltzea, mountain-bike delakoa (Funikularrean bizikletak igo daitezke), alokatutako zaldien gainean ibiltzea... Zonan dauden ekipamenduen artean honakook nabarmendu behar dira: Aldundiaren aterpetxea, jatetxeak, parrillak eta iturriak dituzten jolasaldea eta Haitz Beltzak Ingurugiro Gunea, Zugaztietatik kilometro batera.
|